Argitalpen aipagarria

NOR NAIZ NI?

2016(e)ko martxoaren 14(a), astelehena

TXOKOEN METODOLOGIA

Aurreko egunean proiektuen metodologiaz aritu nintzen bezala, gaur TXOKOEN METODOLOGIAZ hitz egingo dizuet. 

Ikaskuntza hau aztertzeko aurrekoan erabili genuen irizpide berdinak jarraitu genituen. Hau da, hirunaka jarri ginen eta ezer azaldu aurretik bi galderei erantzun genien: ZER DAKIGU TXOKOEN IKASKUNTZAZ? eta ZER FALTA ZAIGU IKASTEKO?

Beste egunean esan nizuenez arazoak izan genituen lehenengo galdera honi erantzuten proiektuen metodologia guretzat berria zelako; txokoena, aldiz, lan modularrerako egindako behaketan ezagutu genuen. Beraz, errazagoa egin zaigu honi erantzutea.

ZER DAKIGU?
Umeak taldekatzen dira eta txoko bakoitzean jarduera bat egiten da.
Batzuetan nahi duten txokora joaten dira eta bestetan, irakasleak esaten dienera.
Irakasleak txokoz txoko aldatzen dira eta behatzaile edo laguntzaile papera dute.
Edozein gai edo ikasgai landu daiteke metodologia hau erabiliz.
Metodologia dinamikoa da, umeen interesa pizten du, gauza ezberdinak egiten dituztelako klasean zehar.

Horrez gain, ikaskuntza hau aurrera eramateko modu ezberdinak daude, hortaz, nik ezagutzen dudana pixka bat azalduko dizuet. Nire taldeak behatutako ikastetxean horrela antolatzen zituzten txokoak, hala ere, aipatu beharra daukat bi era desberdinetan banatzen zirela; alde batetik, 2 eta 3 urteko umeak zeuden eta bestetik, 4 urtekoak. 
Txikienen kasuan, gela handi batean txoko ezberdinak zeuden eta klase hasieran umeak nahi zuten txokora zihoazen. Gero, ume bakoitza bere tutorearekin doa dagokion txokora eta egunean bizpahiru txokotan egoten ziren.
4 urteko gelan, aldiz, txoko bakoitza gela bat zen eta taldeak egunero aldatzen ziren. Txikiak bezala hasieran nahi zuten txokora zihoazen eta gero, irakasleak taldeak egiten zituen eta bakoitza zegokion txokora joan behar zuen.

Bigarren galderari erantzuteko ez genituen zailtasunik izan, izan ere, interes handia sortu zigun ikaskuntza mota honek eta honi buruz gehiago ikasteko irrikitan geuden.

ZER FALTA ZAIZU IKASTEKO?
Ebaluatzeko modua.
Txokoen aukeraketa, nork aukeratzen du?
Ze irizpideri jarraituz? Umearen interesa kontuan hartzen dute?

Txokoen aurkezpenarekin bukatzeko, bakoitzak bere erantzunak komentatu genituen eta gero, Begoña eta Aingeruren artean, guztiok izandako zalantzak argitu zizkiguten. Ikasitako ezaugarriak hobeto finkatzeko azkenengo galdera bat proposatu ziguten: 

ZEINTZUK DIRA ATERA DITUZUN IDEIA EDO IKASKUNTZA NAGUSIAK?
Txokoen metodologia era ezberdinetan egin daiteke.
·     Espazioaren banaketari dagokionez, gela berdinean txoko ezberdinak egon daitezke edo gela bakoitza txoko bat izan.
·    Batzuetan, umeak izaten dira nahi duten txokora joaten direnak, bestetan, aldiz, irakasleek talde finkoak egiten dituzte eta egokitzen zaien txokora bidaltzen dituzte.
·   Irakaslearen papera laguntzailearena da, jakingura sustatu behar du, baliabide ezberdinak erabiltzera bultzatu behar ditu …
·     Irakasleak paper garrantzitsua dauka gehien bat joko sinbolikoaren arloan.
·    Ebaluatzerako orduan taldeka egoteak erraztu dezake, ikusi dezakezulako haurren batek izan ditzakeen zailtasunak edo trebetasunak.
·     Ez zaie behartzen txoko guztietatik pasatzera, bakoitzak nahi duenera …
·     Metodologia dinamikoa da.
·     Dibertsifikatzeko aukera handiak daude.

Metodologia hau oso interesgarria iruditzen zait, izan ere, txokoak erabiliz edozein gaitasun landu dezakezu; hala nola, sensorio motorea edo plastika. Gainera, umeek haien lehentasunei garrantzi gehiago emateko aukera daukate eta horrek haien interesa piztuko du. Oso dinamikoa iruditzen zait, ariketa ezberdin asko egiteko aukerak dauzkate.

Hala ere, nahiz eta kasu honetan irakaslearen papera erraza iruditu, behaketa egitea ez da batere sinplea. Alde batetik bestera (txoko ezberdinak) egon behar zara denbora guztian eta ume bakoitzak zein txokoetan egon den gogoratu, haien interesak zeintzuk diren jakiteko. Horrez gain, laguntzailearen papera ere bere konplexutasunak izan ditzake, esaterako, noraino izan behar da irakaslearen esku hartzea? Zein puntutaraino utzi behar dio umeari askatasunez jarduten? Galdera hauei erantzutea nahiko zaila,  nire iritziz oso subjektiboa da zer nolako laguntzak eskaini behar dizkiezun zehaztea. 
Bestalde, bakoitzak nahi duen txokora joateko aukera izanda, baliteke umeren batek egunero eta une oro txoko berdinean geratzea. Kasu horretan, irakasleak haurrari aldatzeko proposamena egin beharko lioke, baino umeak kasurik ez balio egiten? Nire ustetan, egoera hauek gainetik kontrolatu beharko lirateke, ezinbestekoa da umeak gaitasun ezberdinak lantzea eta txoko bakarrean geldituz gero hori ez litzateke beteko. 

Ikaskuntza honek bere zailtasunak badauzka, baina nire ustez oso interesgarria da haur hezkuntzako kasuan, umeei aukera ezberdinak ematen dizkiegulako eta horrela, etorkizun batean ariketak proposatzerako orduan, haien interesak jakinda errazagoa egingo zaigu haien arreta mantentzea. Bestetik, umeek haien autonomia garatzeko aukera bikaina izan daiteke, bere kabuz ibiltzen direlako klasetikan txoko batetik bestera. 

Laburbilduz, oso ariketa interesgarria izan zen, bai proiektuen kasuan, baita txokoenean ere. Ikaskuntza hauei buruzko informazioa ugari barneratu genuen eta izan genitzakeen zalantzak argitu genituen. Horrez gain, lan modularrerako laguntza bikaina izan da gutxienez gure kasuan, behatutakoa interpretatzeko ideia ugari eskaini dizkigute eta zein puntu izan daitezkeen esanguratsuak ikasi dugu. 

Espero dut zuen gustukoa eta lagungarria izan dadin nire hausnarketatxoa!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina