Argitalpen aipagarria

NOR NAIZ NI?

2016(e)ko otsailaren 21(a), igandea

HEZIBERRI ETA ESKOLA BIZIPENAK

Kaixo! Gaur aurreko ostiral batean egin genuen moduan, curriculumari buruz hitz egingo dizuet. Alde batetik, beste egunean aipatutako curriculum motak aztertuko ditut berriz ere eta gero, curriculumean ageri diren kapituluetako zenbait puntu nire argazki elkarrizketarekin lotuko ditut. 

Aurrekoan jada azaldu nizkizuen curriculum mota bakoitza, hori dela eta gaur bakarrik gogoraraziko dizkizuet. Lau mota edo zati bereiz ditzazkegu: curriculum ofiziala (adostuta dagoena), curriculum erreala (benetan betetzen dena), curriculum izkutua (idatzita ez dagoena baino ematen dena) eta curriculum nuloa (lantzen ez diren arloak). 

Curriculum motak gogora ekarri eta gero, galdera bat bururatzen zait, izan ere, zer da curriuluma?  Azken finean, ikasten duguna dela esan dezakegu. 

Lehenango aurreratu dizuedan moduan, orain Euskal Autonomia Erkidegoko curriculuma (HEZIBERRI) nire argazki elkarrizketarekin alderatuko dut. 

Lehenik eta behin artikulu hau aukeratu dut, irakurri dezakezuen moduan bertan esaten du umeak bere nortasun pertsonala gara dezan ingurune naturalarekin harremanetan egon behar du, baina ez hori bakarrik, izan ere, gizartearekin edo ingurune fisikoarekin bere osotasunean hartu emanak izan behar ditu. 

 2.- ESPERIENTZIA-EREMUAK
 Haurrak ingurune fisikoarekin, ingurune naturalarekin eta, batik bat, gizartearekin hartu-emanen harian eraikitzen du nortasun pertsonala. Gorputza, zentzumenak eta komunikatzeko eta adierazteko moduak erabiltzen ditugu ingurunearekin hartu-emanak izateko, eta horien bidez, osatzen dugu gure eraikuntza pertsonala.

Hau irakurrita gogora etorri zait armentiara egindako irteeraren argazkia, nire ustez, guztiz loturik daude, elkarrizketan aipatu nuen moduan umeak naturarekin kontaktuan egotea ezinbestekoa iruditzen zait bere garapena aurrera egiteko.

Bigarrenik, komunikazioaren arloa hartu dut. Nire ustez, haur hezkuntzan garatu behar den zeregin zailenetarikoa da, izan ere, umeak zailtasunak izan ditzakete espresatzerako orduan; beraz, artikulu honetan dioen moduan  hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa landu behar da. Horren bidez, gure pentsamendua eta garapen pertsonal laduko ditugu.

Komunikaziorako konpetentzia izateko, modu osagarrian erabili behar dira hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala, komunikazio egokiak eta eraginkorrak egiteko egoera askotarikoetan.
Konpetentzia horren bidez, pentsamendua eraikitzen da eta gizabanakoaren eta ingurunearen arteko hartu-emanak bideratzen dira. Komunikaziorako konpetentzia funtsezkoa da kultura sortzeko eta ikasleak kultura hori bereganatzeko, irakasteko eta ikasteko prozesu elkarreragilearen bidez.
Haurrek, Haur Hezkuntzan, hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia lantzen dute, eta gero eta eskuragarriagoak izaten dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

Kasu honetan hainbat argazki etorri zaizkit burura; alde batetik "nire lanak" agertzen ziren argazkia etorri zait burura. Askotan, txikia nintzela, oso lotsatia nintzenez asko kostatzen zitzaidan hitz egitea eta marrazkiak eginez espresatzen nintzen. Hortaz, argazki hori komunikazioarekin lotzea erabaki dut. Bestalde, artikuluak dioenez, komunikazio hori ezinbestekoa da ikasleak kultura bereganatzea eta hori irakurtzean, ikastolan egiten genituen Olentzero eguna edo San prudentzio gogoratu ditut. Ekintza horiek gure artean konfiantza sortzen zuten, eta horrek komunikazioa ahalbidetzen zuen, kultura ezagutzeaz gain.

Aurrekoarekin lotuta, elkarbizitzaren gaia oso interesgarria iruditu zait. Haurrak garen heinean, oraindik ez daukagu behar adina kontzientzia gure inguruan gertatzen diren gauza batzuk ulertzeko eta eskolara joaten garenera arte ez gara konturatzen gure etxetik at dagoen munduaz. Hori dela eta, eskolaratzeko unea oso garrantzitsua da umeentzat, gizartearekiko hartu emanak handitzen direlako eta honen bidez, eguneroko bizitzan gertzatzen diren edo ematen diren egoerei aurre egiten joango dira gutxinaka.

Elkarbizitzarako konpetentzia

Etapa honetan, familiatik eskolara igaroz, handitu eta zabaldu egiten da haurren ingurunea.
Gizartean hartu-emanak izateko aukerak handitzen zaizkie, eta horrek bide ematen die pertsonekin harremanak izateko, lankidetzan aritzeko eta elkarrekin bizitzeko.

Ingurunearekin eta beste haur batzuekin hartu-emanak izanda, hurbileko duten inguruan integratuko dira eta, arian-arian, gai izango dira pentsamendu-prozesuak lantzeko, erabakiak hartzeko, arazo-egoerak ebazteko, errealitatea eta bizi duten mundua ezagutzeko, eta baliabide kognitiboak gero eta era landuagoan eta konplexuagoan erabiltzeko.

Hori horrela izango baldin bada, egoera hauek planteatu behar zaizkie haurrei: norberaren
sentimenduak, pentsamenduak eta gogoak modu asertiboan adierazi, eta, era berean, gainerako pertsonen sentimenduak, pentsamenduak eta desirak adi entzuteko aukera ematen duten egoerak; taldean ikasteko eta lan egiteko egoerak, nork bere gain hartzeko norberari dagozkion ardurak eta elkarlanean aritzeko helburu komun bati begira; giza eskubideei dagozkien printzipio etikoak eta bizikidetzarako gizarte-aztura oinarrizkoen ondoriozko arau sozialak betez jokatzen ikasteko egoerak; eta gatazkak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzeko aukera ematen duten egoerak.

Artikulu luze hau irakurri eta gero, hainbat argazki aukeratzea erabaki dut. Integraziorako gaiari eutsiz, korrikaren argazkia eta aurrekoan aipatutako beste biak lotuko nituzke. Nire ustez, ekintza esanguratsu hauek egitean, gure gizartearekin harremanetan jartzen gara eta horrekin batera integratu egiten gara. Gure ohiturak hartzen joaten gara eta asko ikasten dugu; beste ume batzuekin harremanak izaten, hauek errespetatzen, taldean lan egiten, etab. Bestetik, nire lehenengo argazkia, patioarena, aukeratuko nuke. Niretzat erlazio zuzena dauka, izan ere, klasean gaudenean irakasleak nolabait kontrolatzen gaitu, baino patioan,aldiz, askatasuna handitu egiten da eta hor hasten dira besteekin arazoak konpontzen edo bata bestearekin jolasten. 

Ondoren, aukeratu dudan artikulua familia eta eskolaren arteko harremanarekin zerikusia du. Askotan esan dugun moduan, familiak ezinbesteko betebeharra dauka haurren heziketan eta guztiz inplikaturik egon behar da haien ikasketetan. Horretarako ikastetxeak aukera eman behar die gurasoei ekintzetan parte hartzeko eta harremanetan jartzeko.

Gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute haurren eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektutik abiaturik, ikastetxeek konpromisoak sustatuko dituzte familien edo legezko tutoreen eta ikastetxeen artean, eta bertan jasoko dira familiak, irakasleak eta ikasleak zer jardueratara konprometitzen diren etapa bakoitzeko helburuak eta oinarrizko konpetentziak lortzeko.

Argi izan dut zein argazkiri zegokion atal hau, inauterietako argazkiari hain zuzen ere. Klase osoa mozorro berdina janzten genuen, eta horretarako material egokiak eta birmoldatzeko errazak zirenak aukeratzen genituen. Gurasoen zeregina ekintza honetan mozorro horiek egiteko orduan laguntzea zen, ikastolen ekintza honen bidez, familia eta eskolaren harremana sendotzea lortzen zuten. Ikasleak oso ondo pasatzen zuten, bere gelakideekin eta gurasoekin mozorroak egiten. 

Azkenik, ebaluazioarekin lotuta dagoen artikulu hau aukeratu dut. Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, zaila iruditzen zait ume bat hain txikitatik baloratzea, horregatik komenigarria iruditu zait hauxe txertatzea; bertan ageri baita ze nolako atalak baloratu behar diren. 

6.– Tutoreak, ikasturte bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-saioak egitean, edo baldintzek
horretarako bidea ematen dutenean, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren gaineko txostena egingo du. Ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie txosten hori. Hiru ebaluazio-saio egongo dira, gutxienez. Txosten horretan adieraziko dira: hezkuntza-konpetentzien lorpenari buruzko balorazioa, eskola-errendimenduari eta integrazio sozial eta hezkuntzakoari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa baldin bada, aurreikusitako laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzkoa.

Nire argazki elakrrizketari begiratuz, noten argazkia aukeratu dut atal honetarako. Hiru hilabetean behin gurasoei bidaltzen zioten txostean ageri da bertan, honekin batera bilera bat egiten zen umearen garapenaz hitz egiteko.

Oso deigarria iruditu zait curriculuma aztertzeko era hau, izan ere, gure bizipenekin lotzerakoan ulergarriagoa bihurtzen da.


Espero dut nire hausnarketatxo hau zuen gustuko izatea!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina